XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Bigarren ofizialea utzi ondoren, zurekin elkartu behar al zuen? - Bai.

Une batez isildu egin gara.

Behar bada, kontramaisua bere egoera larrian pentsatzen ari da, zeren egin didan aitortzak hilketaren lehenengo susmagarri bihurtzen baitu.

Argazki pornografiko hark eta elkar ikuste ezkutu horien lekuko biek kalte handia egin liezaiokete....

Baina ez ditut ahantzi behar makinista eta polizoia...

Nire gogoetak kontramaisuak berak moztu dizkit.

- Nik ez dakit zer pentsatuko duzun.

Behar bada hilketaren erruduntzat jotzen nauzu, baina ez da horrela.

Nik ba dakit ez dudala bigarren ofizialea hil, eta honegatik zilegi zait pentsatzea norbaitek konspirazio antzeko zerbait eraiki duela niri errua botatzeko.

Ene ustez, arazo honen korapiloa argazkian datza.

Argazki hori egin zuenak, argazki hori bigarren ofizialearen ganbarotean utzi duenak, honek hil zuen.

- Baina, zergatik hil behar zuen? Zuri errua botatzeagatik soilik? Hori horrela gertatu izan balitz, mendeku pertsonal baten aurrean gintezke, eta zuk esan beharko nork gorrotatzen zaituen horrenbeste, edo nor irten litekeen irabazle zure espetxeratze eta, agian, heriotze batez.

Kontramaisuak ez dit ezer erantzuten.

Behar bada, bere arerioen azterketa bat egiten ari da, susmatzailearen bila.

Nik jarraitu egiten dut.